Estatuek beren zuzenbidea erdiesteko duten modua ezin denez inoiz epaiketa bat izan, kanpoko epaitegi baten aurrean baleude bezala, gerra baizik; gerraz eta gerraren atarramentu mesedegarriaz, ordea -hau da, garaipenaz., zuzenbidea erabaki ezin daitekeenez; bake itun batekin tokian tokiko gerra bati, baina ez gerra egoerari -beti aitzakia berri bat asmatzeari- amaiera ematen zaionez -aitzakiak ezin dira zuzenean bidegabetzat jo, egoera honetan bakoitza bere aferen epailea baita-; legerik gabeko egoeran, zuzenbide naturalaren arabera gizakientzat balio duenak, hots, ¸egoera honetatik irteteko betebeharra»k, estatuentzako, herrien arteko zuzenbidearen arabera, balio ezin dezakeenez -estatuek, estatu gisa, barrutik zuzenbidezko konstituzio bat dute dagoeneko, eta beste baten zuzenbide kontzeptuen arabera hedatutako konstituzio baten azpian ipini ahal izateko nahiko helduak baitira-; arrazoimenak, legeak moralki ematen dituen botere gorenaren bere tronutik, gerra, zuzenbidezko prozesu gisa, guztiz gaitzesten duenez, eta, aitzitik, bake egoera berehalako betebehar bat bilakatzen duenez -bake egoera hau ezin da, ordea, herrien arteko itunik gabe ez eratu ezta ziurtatu ere-: honengatik guztiagatik, -foedus pacificum- dei litekeen elkargo berezi bat egon beharko litzateke. Elkargo hau honako honetan ezberdinduko litzateke bake itunetik -pactum pacis-: bake itunak gerra soil bat amaitzea bilatzen du; elkargo honek, ordea, gerra guztiak betirako amaitzea. Limes Bilduma: Mugatu den oro agortu egiten da bere mugatasunean. Mugagabe den oro desegiten da bere mugarik ezean. Mugartekoa, ostera, infinitu eta anitza da. Limes bildumak mugartekoa izan nahi du, mugaz bi aldeetatik isurtzen diren urak edango lituzkeen iturria bezala: pentsamenduaren eta literaturaren berri eman, literaturaren bidez pentsamendua azaldu duten ahots desberdinei lekua eskainiz.