Gazte bat, ezezkorik esan ezin diona bere etxeko terrazan Ikeako iragarki bat grabatzeari. Emakume bat, haur jaioberria gauez esnatzearen beharrak obsesionaturik, edozer egiteko prest dagoena idazten ari den ipuina amaitzeko. Iraganeko gertakari tragikoa, ustez desiratutako bizitzaren zimenduak astintzera itzuli dena. Noraezean dabilen nerabea, askatasunaren konplexutasunak ezinbestean kolpatuta. Beste emakume bat, ekilibrioak egiten dabilena pultsio basati batekin eta bultzatzen duena bere baitatik ihes egitera, gertatu beharrekoari gertatzen uztera. Ama-emazte eredugarria, hoteleko ohe handiegiaren izara artean katramilatu dituena desirak, beldurrak eta marra gorriak.
Sei ipuinez osatua da Nerea Loiolaren bigarren narrazio bilduma hau. Ipuin hauetako pertsonaiek aurrera egin beharko dute bizitzak ezarritako bidegurutzetan; ezezagunera urratsak egin, emakumea eta animalia itzal-errebelazio binomioaren zokorik ezkutuenetan elkartzen diren lekuetara. Geldirik egotea ez da aukera bat.
Ahots propioa, estilo fin eta zuzena eta erakarmen-indar handiko istorioak dakartza Loiolak berriz ere; beti giza harremanei eta emozioen euste-hormen pitzadurei so, xehetasunari eta keinuari adi.
Liburuko azken kontakizunak ematen dio izena: Zebrak eta bideak.