Hamar urte dira Sakau herrialdea desagertu eta Askayala sortu zela, herri askeen federazioa. Tentsioa, ordea, ez da aienatu, bizi-bizi baitago nazioarteko aliantza baten inbasioaren mehatxua. Ohi denez, balizko gerraren lehen frontea informazioa da, eta asko dago jokoan. Egoera horretan, Lorek eta Fabik euren egunerokotasun berriari aurre egin behar diote, kontraesanen, gaizki esanen eta erdi esanen artean. Bitartean, Costa Alegre auzoko herrialdean, batzuentzat itxaropen dena mehatxu da beste batzuentzat; Jacok eta Jacintok badakite hainbeste. Horiek dira lau pertsonaia nagusiak, eta bosgarrena, berriz, gizartea bera, bere egitura, eredu eta arkitektura berrituekin. Esan gabe doa Simun Palsu fikziozko idazlearen trilogiako pieza bat da, gure eskuetara iristen den lehenengoa. Utopia bat, esan beharko. Bizigarria eta bidezkoa izan daitekeen zentzu komun baterako gonbita, Latinoamerikako tradizioak hain berezkoa duen errealismo magikoak zipriztinduta.